ERABAKITZEKO BIDEAN

Gure Esku Dagoren mobilizazio erraldoia

"Herritar anitzak, ezberdinak, baina gaur, guztien oihalak elkarri josiz hautetsontzi bakarra eraikitzeko gai izan gara" 
[JOSTUNEN MEZUA / 1]

BILBO

Borondatea zelaian

Bilboko kaleak eta zubiak hartu ondoren, San Mameseko zelaia hartu zuten milaka lagunen oihalek, borondate argi baten ispilu: erabaki nahia gauzatzeko borondatea.

San Mames Barriko harmailak ez ziren guztiz bete jendez, baina ekitaldia jendetsua eta alaia izan zen. Laburbilduz, honako osagaiak izan zituen San Mameseko ekitaldiak:

- Oihan Vega eta Ainhoa Vitoria aurkezle eta gidari

- Jose Angel Iribar, Inaxio Kortabarria, Arrate Orueta eta Eba Ferreira hautetsontsi bat zelairatu zuten, lehenengo biek 1976an ikurrinarekin egin zutenaren antzera

- Kepa Junkerak eta dozena bat pandero jotzailek kalejira erraldoi bat animatu zuten, 'Egun da Satimamiñe' doinuarekin.

- Kirmen Uribe eta Rafa Rueda, Gernikako Arbolaren harira.

- Txoria txori flamenkoz kantatua, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsotan, Senegalgo danborren erritmoak lagunduta,...

- Dima eta Ispasterreko herritarrek 2016an euren herrietan galdeketak antolatzeko konpromisoa agertu zuten.



"Erabakiaren aroa hasten dugu gaur, dinamika honen fase definitiboa, behin-betikoa; gaur hasi eta erabakiaren egunean amaituko den azken txanpa"
[JOSTUNEN MEZUA / 2]

IRUÑEA

Iragana eta geroa lotuz

Sanfermin giroa eta aldaketa giroa nahastu ziren Iruñeko zezen plazako ekitaldian. Goizean oihalak josteko unea izan zen, Iruñeko Alde Zaharreko hiru burguak elkar lotuz. Eguraldia eta giroa, bateginik.

Zezen plazak itxura koloretsua hartu zuen, guztiz bete ez bazen ere. Beroa handia egin zuen eta jendea itzalean pilatu zen. Ekitaldia osagai anitzekin osatu zuten antolatzaileek, proiektu eraikitzaile bat islatu nahian. Laburbilduz, beste batzuekin batera honako osagaiak izan zituen arratsaldeko ekitaldiak:

- Estitxu Fernandez eta Urko Aristi aritu ziren aurkezle lanak egiten.

- Aitor Merino eta Itziar Ziga hizlari aritu ziren.

- Nafarroako konkista gogoan, Pettik Lauaxetaren Amaiur gaztelu baltza poema kantatu zuen.

- Enrique Villarreal 1936ko gerraren inguruko Sotanas kantua kantatu zuen. 

- La Milagrosa txarangak Sanfermin giroa aurreratu zuen.

- Ekitaldiaren ondoren, Esne Beltzaren kontzertua izan zen zezen plazan.

- Dantza, rapa, ahari borroka, bertsoak,.... 

"Borondateak ehundu; zer, nola eta noiz adostu; eta azkenik, erabaki. Hori da bidea"
[JOSTUNEN MEZUA / 3]

BAIONA

Errobi bazterretik errugbi zelaira

Baionako Herriko Etxetik abiatu zen oihal katea eta Errobi ibaia inguratu zuen, hiri erdiko hiru zubiak zeharkatuz. Eskutik helduta, kalejiran, giro alaian.

Eguerdi aldera, Gure Esku Dago ekimenaren ekitaldi nagusia egin zuten, Christian Belaskain errugbi zelaian. Belarra oihalek estali zuten, hautetsontzi bat irudikatuz. 

Ekitaldi xumea izan zen. Maddalen Arzallus eta Odei Barroso bertsolariak kantuan aritu ziren. Harresian, bi eskalatzailek pankarta erraldoi bat jarri zuten erabakitzeko eskubidearen alde. Iban Thikoipek eta Ihintza Ostolazak ekitaldiaren mezua irakurri zuten. 

Arratsaldean giroak segitu zuen Baionan musikaren eguna baitzen.

"Dinamika honen eskaintza euskal herritarrei hirukoitza da: Anbizioa, determinazioa eta herritarren borondatea. Azken helburura iristeko ezinbestekoa den grina, anbizioa. GU-RE ES-KU DA-GO esateak berak dakarren determinazioa, jarrera, txip aldaketa; eta oihal zati horietako bakoitzean islatzen den milaka herritarren borondatea, aldarri duguna egikaritzeko"
[JOSTUNEN MEZUA / 4]

 

GASTEIZ

BIHOTZ TAUPADEN OIHARTZUNA

Gasteiz erdialdeko kale eta plaza nagusiak hartu zituen Gure Esku Dago ekimenak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko borondatea aldarrikatzeko. Konstituzio plazatik abiatu zen oihalez jositako kalejira koloretsua, Andre Maria Zuria plazaraino barreiatu zen. Joaldunen hotsak eta butukadaren burrunbak astindu zuten kalejiraren bidea, kalez kale. 

Ekitaldiak kutsu sinbolikoa izan zuen: Arabako koadrila bakoitzean egindako oihal zatiak banaka jaitsi zituzten San Migel elizako eskaileretatik. Aldi berean, zerutik zintzilikatuta, Zeledonen antzera, hautetsontzi bat iritsi zen San Migleko balkoira. 


Karmele Jaiok ekitaldirako idatzitako testua zabaldu zuen Oier Zearra pilotariak. "Gure esku dago gure bihotzen taupadak mundu osaon ozen entzutea".

Azkenik, herriz herri jositako oihalak Plaza Berrira eraman zituzten, bertan hautetsontzi erraldoi bat osatzeko.

"Etorkizuna, elkarrekin, erabaki dezagun. Eraiki dezagun gure hautetsontzia, biharko erabakia"
[JOSTUNEN MEZUA / 5]

DONOSTIA

Donostia oihal koleretsuz jantzi zen. Goizean, zubiz zubi. Arratsaldean, Anoetako estadioan. Milaka eskuk mezu bera zabaldu zuten: "Gure esku dago etorkizuna".

Anoetako estadioko ekitaldian, jendetza bildu zen. Ikuskizunak osagai ugari izan zituen, denetarik pixka bat. 

- Txaranga eta danborjoleek lagunduta, Euskara plazara kantua bildutakoen ahotan.

- Jon Maia bertsolariaren segidilla.


- Joxerra Senperena eta Eñaut Elorrietaren Itsasoa kantua.

- Arritxu Iribar eta Nerea Alias, aurkezle.

- Saharar, kataluniar, senegaldar edota galizar jatorriko euskal herritarren hitzartzea.

- Txoriak txori abestiaren ondoren, oihalak zabaldu eta hautetsontziaren osaketa. Lehen botopapera Angel Oiarbidek sartu zuen, bi haurrek lagunduta.


- Txirri, Mirri eta Txiribitonen eta Pirritx eta Porrotxen animazioa.

Goizean, oihalak Donostian barrena zabaldu ziren: Urumea ibaiko sei zubiak lotu zituzten herritarrek oihalen bidez. Oihal katea osatu ondoren, kalejiran, Anoetako estadiora ingururatu ziren, bazkaldu ondoren arratsaldeko ekitaldian parte hartzeko.


IRUDIAK: Gure Esku Dago