#BilduErabakira

Hauteskunde kanpainaren kontakizuna

Nahiz eta batzuetan badirudien etengabeko hauteskunde kanpainan bizi garela, abenduaren 3an (00:00etan zehazki) hasi da, ofizialki, espainiar Kongresu eta Senaturako 2015eko hauteskunde kanpaina.

Hautetsontziak boto independentistaz bete behar ditugu, erakusteko herri honetan badagoela muskulu nahiko aldebakarreko burujabetza prozesuari ekiteko

Gasteizen egin dugu kanpainari hasiera emateko ekitaldia, Arabako hautagai, kide eta lagun artean.

Egun hauetan zehar hamaika aldiz agertuko dira kolore guztietako hautagaiak telebistetan; elkarrizketa, debate, kuñak etengabe irratian; meme, hashtag, GIFak sare sozialetan...

Baina kanpaina, benetako kanpaina... hori zuek guztiok kalean egiten duzuena da.

Kanpainako hasiera momentu horiek oso bereziak dira, kideekin elkartu, dena prestatu, elkarrekin afaldu eta 00:00ak iritsi arte zain egotea, lehen pegada egin ahal izateko. Guretzat ere oso une berezia da, mimo handiz landutako SPOTA publiko egiteko irrikitan egoten baikara.

Abenduaren 3ko 00:00etan hasi da kanpaina ofizialki, bai, baina Nafarrak beti aurretik doazenez, abenduaren 2an ospatu zuten ekitaldi nagusia Labriten, motorrak eta giroa berotzeko aukera ezinhobea. 

Eta giroa berotzen, Sabino Cuadra maisua da. 

Erabakitze eskubidea nahi dugu, geure orainaz eta geure etorkizunaz erabakitzeko; gure estatus politikoaz erabakitzeko noski bainan baita gure egunerokoaz ere erabakitzeko! Nafarroak hitz egin dezala! Nafarroak erabaki dezala!

EH Bildu ahots zirikatzailea izan da Madrilen lau urte hauetan. Entzun nahi ez dituzten egiak esan dizkiegu aurpegira, Euskal Herrian hartutako erabakien defentsa egin dugu kikildu gabe, gauzak argi eta garbi esanez. Ez gara euren esaneko otzanak, min egiten diegu. Eta horregatik saiatzen dira ahal duten guztietan gu isilarazten, euskal subiranismoaren ahotsa isilarazten. Hasiera hasieratik izan ditugu trabak, Kongresuan talde propioa izatea ukatu zigutenetik, eta hortik aurrera etorri da ohiko blokeo komunikatibo osoa.

Azken adibidea RTVEk antolatutako 9ren arteko debatea izan dugu. Eserleku kopuruari dagokionez Kongresuko 5.ahotsa garen arren, debatetik kanpo utzi gaituzte.

Zergatik? Bada, ez dutelako esateko duguna entzun nahi. Min ematen dien botoa garelako.

Madrilen ozen entzun den ahots horietako bat Onintza Enbeitarena izan da. Gai askoren inguruan hitz egin du Enbeitan Kongresuan, baina bat nabarmendu beharko bagenu, zalantzarik gabe, emakumeen eskubideen defentsan egindako lan izugarria izango litzateke. Kanpainan presentzia esanguratsua izaten ari den gai garrantzitsua da feminismoa.

Emakume aske eta burujabeak izan nahi badugu, pertsona libreen herri bat eraiki nahi badugu, hitza eta erabakiaren jabe izan behar dugu. Ezin diogu inori utzi gure ordez erabakitzen. Ahalik eta indar gehien bildu behar ditugu Euskal Herrian eta gure bideari ekin.

Marian Beitialarrangoitia
'Bildu feminismora, zer dugu jokoan? Estatu feministaren eraikuntza'  mahai-ingurua Ibaetako Campusean

Zer egiten du feminista batek Madrilen? izan ohi da tertulia eta hitzaldietako ohiko galderetako bat. Ibaetako mahai-inguru honetan, ordea, buelta eman zion Oihana Etxebarrieta moderatzaileak galderari, Zer egiten du feminista batek EH Bildun? 

EH Bilduk agenda politiko feminista zentroan jarri nahi du Euskal Herrirako proiektuan zentralitatea emanez. Hemen gauden hiru emakume zerrendaburu feministak EH Bilduren oinarriak hautatu gaitu. Irantzu Varela.

Emakumeak protagonista izan dituen ekitaldia egin dugu Galdakaon. Ekitaldi berezia izan da, sentimenduz betea, oholtzara igo den emakume bakoitza protagonista egin duen ekitaldia. Guztien esperientzia eta borrokak ezagutu eta konpartitu ditugu: emakume gazte, preso, alargun, ikasle, homosexual eta prekarioen borrokak. 

Espainiar estatuak inposatutako erreforma atzerakoien ondorioak zuzen zuzenean jasaten dituzte emakumeek, ikusi ahal izan dugun moduan, eta baita euskal gazteek ere eta horregatik, euren ahots eta erabakiak ere garrantzia berezia dute. Dozenaka gaztek ekimena egin dute Donostiako Independentzia Plazan (Konstituzio plaza izenez ere ezaguna) abenduaren 20an asko dagoela jokoan gogoratzeko.

EH Bilduren bozka oraina eta etorkizuna iraultzeko bozka da. EH Bilduri bozka, bozka errebeldea da. Inposatutako lan erreformari, prekarietateari, LOMCE legeari eta abortuaren legeari ezezko bozka. Eta erabakiaren eta independentziaren aldeko bozka.
Gotzon Elizburu
Zapatak eskuan hartuta, gazteek hartu dute erabakia, parean jartzen zaien edozein horma botatzeko prest daude: LOMCEren horma, mozal legearen horma, patriarkatuaren horma, konstituzioaren horma... inposizioaren horma!


Mezu hori bera argi eta garbi esan du Garazi Mugertzak abenduaren 6an Bilbon egindako manifestazioaren amaierako ekitaldian.

Milaka izan gara abenduaren 6ko manifestazioan Bilbon bildu garenak. 1978an euskal gizarteak espainiar konstituzioari ezezko borobila eman ziola gogoratu dugu eta gaur egun ere independentziarako bidea egiteko erabakia hartua dugula argi eta garbi esan dugu. Hamaika kolore eta itxurako zapatak soinean, milaka lagunek elkarrekin egin dugu bidea, independentziaraino ere urratsak ematen jarraitzeko determinazioz.

Espainiako estatuarekin lotzen gaituzten kateak askatu behar ditugu, osasun demokratiko eta sozialagatik.
Sabino Cuadra

Como dijo Sabino Cuadra al final de la manifestación de Bilbo, para recorrer el último tramo hasta llegar al 20 de diciembre, y seguir caminando más allá hasta alcanzar la independencia, la plena soberanía, son necesarios todo tipo de calzados...

👠 sandalias demócratas 

👟 zapatillas abertzales 

👞 abarcas feministas 

👢 botas libertarias 

👡 chancletas socialistas

Gazteen ahotsa ezinbestekoa dela esan dugu, eta hala da, baina hori bezain garrantzitsua da urtetako esperientzia pilatzen duen konpromisoaren ahotsa. Milaka dira gure herrian ahots horiek eta horietako batzuk urrun entzuten ditugun arren, barru barruan sentitzen ditugu. Pablo Gorostiaga da konpromisoa gorpuzten duen horietako bat. Oinak lokatzetan zikinduz bidean beti aurrera jarraitu duten guzti horietako bat.

Pablo Gorostiaga da konpromisoa gorpuzten duen horietako bat. Oinak lokatzetan zikinduz bidean beti aurrera jarraitu duten guzti horietako bat.

Gure herriaren oraina eta etorkizuna erabaki nahi dugu, aurrera egin nahi dugu, baina horretarako atzera begiratu eta nondik gatozen ikustea garrantzitsua da. EH Bildu osatzen duten alderdiek beti ulertu izan dute gure herriaren etorkizuna Madrilen jokatzen zen bakoitzean han egon behar zela, eta horren erakusgarri da ondorengo argazki hau.

40 urte eta gero, haustura demokratikoa da gure herriaren etorkizunerako berme bakarra. 
Itziar Aizpurua
EH Bildu osatzen duten alderdiek Kongresu eta Senatuan izandako ordezkari historikoen agerraldia

Franco hil ondorengo lehen kongresuko diputatu izan zen Pako Letamendia"Ortzi"k ere agerraldi honetan parte hartu behar zuen, baina azkenean ezin izan zuen bertaratu. Horregatik, bere etxeraino joan gara, eta oso elkarrizketa interesgarria izan dugu berarekin.  

Zeinen garrantzitsua den memoria izatea... memoria bizia, orain dela ez hainbeste gertatu direnak gogoan hartzeko, eta baita luzerago begiratzen duen memoria ere. Elgeta leku egokia da memoriari buruz hitz egiteko; Intxorta, Euskal Herriaren eta euskal herritarron duintasun eta tinkotasunaren ikur.

Asko dira Madriletik etortzen zaizkigun inposaketak, eta horietako bat memoriarena da, errelato bat eta bakarrarena.

Inposatu nahi diguten memoria bakarraren aurrean, guztion memoria izango dena defendatzen dugu, hemen eta Madrilen.
Rebeka Ubera

Milaka oinetakok eta milaka aurpegik osatzen dute EH Bilduren kanpaina. Baina, zoritxarrez, beti sumatzen dugu alboan behar lukeen zapata pare horren hutsunea. Asko dira hemen behar luketenak, eta beraietaz oroitu gara, bereziki, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.

Estatuaren erabaki politikoa da egun aplikatzen zaien zigorra gogortzea helburu argi batekin: presoen eta senitartekoen kaltea eta sufrimendua areagotzea eta behinbetiko konponketa ekiditea. Ezin da onartu gaixo dauden presoen giza eskubideen urraketa egoera mantentzea.
Jon Iñarritu
Agerraldia Martuteneko kartzela atarian

Bihotza eta burua, biak dira beharrezkoak eraldaketa politiko eta sozialaren bidean aurrera egiteko. 

Bihotzetik datozen sentimenduek mugiarazten gaituzte, baina erabakiak hartu aurretik, bihotzetik datorren hori burutik pasatzea ezinbestekoa da. Bihotzak dioena entzun, buruan landu, eta orduan hartu erabakia.

Eta Madrilera doazen ordezkariek, bihotza eta burua, biak izango dituzte Euskal Herrian. 

EH Bilduko ordezkariek Madrilen izango dute ipurdia, baina bihotza eta burua Euskal Herrian izango dute, burujabetza erdiestea dutelako helburu. Aldi baterako burujabetza partzialeko mailegurik gabe, burujabetza osoa aldarrikatzen dugu.
Iñaki Antiguedad

Kanpaina guztietan badira ilusio berezia sortzen duten detaile eta momentuak. Ekitaldi handi, jendetsu eta koloretsuetan emozionatzen gara, noski, baina gauza txikien handitasuna maite dugu.