ERRESISTENTZIAREN MENDIAK

Samara Velte

Hego Kurdistango hiriburutik Kandil mendilerrorako bidean, hiru kontrolgune igaro behar dira: lehenbizi, Kurdistango Eskualde Autonomoa gobernatzen duten KDP eta PUK alderdien bana, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren beste bat azkenik. «Hemen hasten da askatasuna», dio Silak irribarrez, burua 4x4aren leihotik kanpora, haizeak ile luzea astintzen diola.

Asmatutako izena da Sila; gerrillan jarri zioten, eta hala ezagutzen dute mugimenduko kideek: Sila heval-a (kamarada) «kasu honetan, pertsonaren nortasuna babesteko propio aldatua». Jaiotzazkoa ez izanagatik, bereago duen izena da, erabaki esplizitu batetik etorritakoa baita: fusilak eta hirugarren kontrolgunetik aurrera janzten duen uniformeak bezainbeste osatzen du bere nortasuna. Noizbait martiri bihurtuko balitz, izen horrekin gogoratuko dute.

Nabari zaio faltan duela «mendia». 15 urterekin sartu zen PKKn, baina ez du sekula borroka egin: lehenbiziko formakuntza saioan aireko eraso batek zauritu zuen. Luzaroan egon zen gerrillaren ospitalean, eta harrezkero ez da berriz lan fisikoetara itzuli. Orain 22 urte ditu; besoa ahulegi du fusilari eusteko, eta epe laburretarako baino ez da mendira igotzen. Gainerako egunak hirian ematen ditu, mugimenduaren kanpo harremanak antolatzen.

2015eko ekain hasiera da, eta Kandilek suntsiezina dirudi. PKK-k bere oasi partikularra eraiki du Hego Kurdistango mendietan, Ekialde Hurbil hauskorraren erdian. Gerrillak bakarrik agintzen du bertan: kanpalekuetan trebatzen ditu bere militanteak, eta handik sortzen eta hedatzen dira askapen mugimenduaren oinarri ideologikoak.

Azken urteotan Ekialde Hurbileko askoren begirunea irabazi du kurduen gerrillak; besteak beste, berak antolatu duelako Estatu Islamikoaren aurkako erresistentzia eraginkorrenetakoa. Duela bi aste, Turkiako armada ere hasi zen Kandili eraso egiten; ofizialki Iraken menpeko lurraldea izan arren, airetik bonbardatu ditu harrezkero gerrillaren kontrolpeko guneak. Mendia ez baita toki bat soilik. Eta gerrilla ere ez da egoera politiko jakin batean epe laburreko helburu batekin mendira jo duten ekintzaile talde bat. PKK-ko emakume eta gizon armatuentzat bizimodu bat da gerrilla; mendia, aldiz, kurduen erresistentziari arnasa hartzen eta hazten uzten dion espazioa.

Fronteak han eta hemen

Askapen mugimenduaren erdigunea da Kandil, eta hari begira bizi dira Kurdistango lau zatietako erakunde armatu, politiko eta sozialak. Harremana, egiturazkoa baino gehiago, ideologikoa da batik bat: guztiak biltzen dira euren buruari «kurdu askeak» deitzen dion korrontearen barruan. Hego Kurdistanen izan dute, orain arte, arrisku fisiko txikiena: iparraldean eta ekialdean, PKK «talde terrorista» gisa izendatuta dute Turkiak eta Iranek, eta Mendebaldean Siriako gatazkak baldintzatzen du haien jarduna.

Hegoaldean, Iraken menpeko eskualdean, alderdi kurduak daude agintean, baina ez askapen mugimenduarekin lerratutakoak. KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoari eta PUK Kurdistango Batasun Patriotikoari kolaborazionismoa eta oportunismoa egotzi izan diete maiz, AEBen inbasioa baliatu zutelako Irakengandik de facto independentea den administrazioa ezartzeko. Gaur egun, Kurdistango Eskualde Autonomoko Gobernuak bere mugak kontrolatzen ditu «ez hala petrolioa»; haren pexmergak estatuko indar armatu ofizial eraginkorrenak dira; eta Hegoaldeko kurduek, oro har, harro diote inguruko lekurik seguru eta aberatsenean bizi direla.

Eskualde autonomoko bi alderdi nagusiek harreman gatazkatsua izan ohi dute PKKrekin. Bietariko bakoitza tribu boteretsu bateko buruzagi batek gobernatzen du: KDP, Masud Barzani Kurdistan Autonomoko presidenteak; eta PUK, Jalal Talabani Irakeko presidente ohiak. Finean, herri berberaren independentziarako bi proposamen erabat kontrajarri defendatzen dituzte. KDPk eta PUKek tradizioan eta mailaketa konbentzionaletan oinarritutako nazio-estatu neoliberala nahi lukete; PKK-k, aldiz, maila guztietan erabakitzeko autonomia bermatzen duen sistema bat.

Arbilgo administrazioak aliatu estua du Turkiako Gobernua, PKKren etsai historikoa: turkiarrek maiz gurutzatzen dute hegoalderako muga, Las Vegas izan nahi luketen hirietako saltoki handietan erosketak egiteko edo oporrak luxuzko aisialdi guneetan igarotzeko. Hegoaldeko bazar bihurgunetsuetan, inportazioko produktu turkiarrak dira nagusi; Ankarak Hegoaldea «ekonomikoki kolonizatuta» daukalako kexu dira kritikoak.

Borroka armatua ere egon izan da alde bateko zein besteko kurduen artean; KDPren pexmergek Turkiako armadarekin batera jardun izan dute PKKren aurka. Gaur egun, gehiago edo gutxiago onartzen dute haren presentzia mugako mendietan. Talabaniren alderdiak, oro har, bokazio sozialdemokratagoa du Barzanirenak baino, eta haren kideen artean badira gerrilla begi onez ikusten dutenak. «Mendira zoazte, ezta?», galdetu dio bigarren kontrolguneko pexmergak, irribarrez, Silari. Hark, modu bertsuan, baietz erantzun dio. Poliziak pasaporteak itzuli dizkio, izenik apuntatu gabe: «Tira, segi bada».

Sinjarreko esku hartzea

Azken urteotako gertakariek nazioarteko egunkarien azalera ekarri dute berriz PKK. Iazko udan, bereziki, agerian geratu zen Ekialde Hurbileko eragile nagusietakoa dela: gerrillaren erresistentzia ezinbestekoa izan zen Estatu Islamikoa geldiarazteko. Siriatik eta Irakeko hegoaldetik hedatzen ari zen hura, eta abuztu hasieran talde kurduak jarri zituen jomugan: Sinjar mendiko yezidien aurka egin zuen lehenbizi, eta Maxmur errefuxiatu gunearen aurka gero.

PKKrekin lerratutako gerrillariek une kritikoan esku hartu zuten: bertakoek salatu dutenez, pexmergak ez ziren gelditu zibilak babesteko. «Behintzat armak utzi izan balizkiete, herritarrek euren burua defendatzeko tresnaren bat izango zuketen. Baina ospa egin zuten lehenbizi». 2014ko abuztuaren 4ko gauean, Kandildik jaitsiko zirela iragarri zuten PKKren unitateek: HPG Herriaren Defentsarako Indarrek eta haien emakumezko adarra den YJA-Star armadak. Rojavan «Mendebaldeko Kurdistanen» diharduten YPG eta YPJ Herrien Babeserako Unitateen laguntzarekin, giza korridore bat zabaldu zuten mugaren alde batetik bestera, zibilak Siriako errefuxiatu guneetara eramateko.

Antolaketa aldetik, autonomoak dira gerrilla horiek, baina ideologikoki mugimendu bera osatzen dute. Kurdistango zati bakoitzerako estrategia beregaina dute, egoeraren arabera. Sirian talde jihadisten aurkako borrokan dihardute, bertan aldarrikatutako kantoi kurduak babesteko. Ekialdean, aldiz, su-etena dute Irango Gobernuarekin. Kandilen dauden gerrillari gehienak Ipar Kurdistangoak dira; han sortu zen PKK 1970eko hamarkadan, eta bertako gizartean du babes handiena. Iparraldeko mendietako frontea izan ohi zen garai batean gatazkatsuena; duela hiru urte, ordea, alderdiak Kandilera erretiratu zituen gerrillari gehienak, Abdullah Ocalan PKK-ko buruak eta Turkiako Gobernuak negoziazio prozesu lauso bati ekin ziotenean.

Hegoaldean ez dute fronterik zabalik, eta egoera politikoa inguruko lurraldeetan baino egonkorragoa da. Turkiak eta Iranek sarri behatu izan dituzte gerrillaren defentsarako posizioak hegazkin militarretatik, eta tarteka bonbardatu ere bai; orain arte, kurduek probokaziotzat zeuzkaten keinu horiek, baina azken bi asteotako erasoek «erabateko gerra» abiatu dutela salatu du KCK Kurdistango Herri Konfederazioak, askapen mugimenduaren adar nagusiak biltzen dituen erakundeak. Inor gutxik sinesten du su-etenean, are gutxiagok bake prozesuan.

Oasia gatazkaren erdian

Gerrillariak ez ezik, zibilak ere bizi dira Kandilen; KCKren arabera, azken asteotako erasoetan haietako hamar hil ditu Turkiako armadak. PKK-k tokiko milizia baten moduan kontrolatzen du ingurua: kanpalekuetara iristeko kontrolgune militarrak ditu, eta mendiko herrixketan bizi diren zibilen arteko gatazkak konpontzeko polizia moduko bat ere bai. Gerrillariak, oro har, gutxitan jaisten dira herrietara, baina bertakoen laguntza jaso ohi dute; esate baterako, babesa edo hornidura behar dutenetan.

Haietatik gertuen dauden kanpalekuak prestaketa ideologikorako erabiltzen dituzte batik bat. Haietan dabiltzan unitate batzuetako gerrillariak oso gazteak dira; askok ez dituzte hogei urte ere izango. Borrokan hasteko adin ofiziala 18 urte dira; alderdiak hala du hitzartua nazioarteko erakunde humanitarioekin, inork ez diezaion egotzi haur soldaduak erabiltzea. Hala ere, gehienak lehenago sartzen dira, eta formakuntza jasotzen dute lehenbiziko urteetan.

Komandante baten agindupean gauzatzen dituzte eguneroko errutinak, eta iluntzean talde txikietan biltzen dira eguneko gorabeherei buruz hitz egiteko; bizitza kolektiboa da erabat. Altuera gutxieneko kanpalekuak «lasaien» bizitzea ahalbidetzen duten guneak dira: oihanak ezkutatzen ditu, eta batzuek argindarra ere jasotzen dute inguruko gune zibilen batetik. Gorago dauden gune batzuetan, hegazkinetatik ikus daitezkeenetan, zigarrorik ere ezin daiteke piztu gauez.

Udan zakuekin eta kanpadendekin egiten dituzte lotarako etxolak, aise eraiki eta deseraikitzeko moduan; neguan, lur azpian egiten dute txokoa. Talde txikietan mugitzen dira batetik bestera; beraiek ere ez dakite zehazki zenbat diren denera. «Ziurrenik, dozenaka mila», diote. Azken bi urteotan izugarri hazi da gerrillarekin bat egiten dutenen kopurua, eta guztiak bat datoz: Sinjarreko eta Kobaneko erresistentziak eragin nabarmena izan du horretan.

«EIk suntsipena, inperialismoa eta patriarkatua ordezkatzen ditu; inguruko estatuek urteotan guztiotan kurduekin egin nahi izan dutena eta lortu ez dutena. Borroka hau printzipio kontua da»

Kanpaleku bateko neska gazteenetako batek zibil gisa bizi izan zuen EIren erasoa iaz; Sinjarretik ihes egin ostean jo zuen gerrillara. Harentzat eta beste milaka gazterentzat «batez ere emakumeentzat» esanahi berezia izan zuen gertakari hark, Ekialde Hurbilean jokoan dagoenaz jabearazi zituelako. «EIk suntsipena, inperialismoa eta patriarkatua ordezkatzen ditu; inguruko estatuek urteotan guztiotan kurduekin egin nahi izan dutena eta lortu ez dutena. Borroka hau printzipio kontua da».

Ihes ederrik ez

PKKren adar armatuak duela hogei  urtetik du emakumezko egitura beregaina: YJA-Star. Espazioak eta  operazioak partekatzen dituzte gizonezko unitateekin, baina euren kabuz  antolatzen dira. SAMARA VELTE

Hakkari, Turkiaren menpeko Kurdistan; 1992ko urria. Gulnaz Karatas Beritan PKK-ko gerrillaria amildegi ertzean dago: Turkiako armadako soldaduek eta Hego Kurdistango KDP alderdiko miliziek inguratuta daukate, eta ez zaio gelditzen larrialdietarako gorde behar zukeen azken bala. Gizonak dira guztiak. Batek eskua luzatu dio: «Eman amore, ezkonduko zaitugu eta lore baten pare biziko zara». Beritanen azken erresistentzia ekintza ez dator fusiletik: arma aldean hartu eta harkaitzetan behera amildu da.

PKK Kurdistango Langileen Alderdiaz harago ere ezaguna da pasadizoa. Kandil mendietan bizi diren emakumezko gerrillariek sarri oroitzen dute Sehit Beritan, Beritan martiria. Euren jardunaren oinarrian dauden balio guztiak sinbolizatzen ditu haren azken ekintzak: emakumeen eta kurduen burujabetza, norbere buruarekiko konfiantza eta autodefentsa. PKK-k ikuspegi esplizituki feminista dauka: zapalketak hainbat geruza dituenez gero, askapenak ere hala behar du, eta ideal hori errotuta dago alderdiaren estrategian. Matxinatuta irabazteko gehien daukatenak emakumeak, langileak eta zapaldutako gutxiengoak dira, baina modu independentean antolatuta beti. Horregatik, emakumezko gerrillak egitura beregaina du: YJA-Star. «Armada mistoetan emakumeak bigarren mailan daude: aldez aurretik finkatutako genero rolen arabera hartzen dute lekua armadaren barruan», azaldu du Jindar Çayan komandanteak. Emakumeek matxinadetan parte hartze handia izan duten kasuetan ere, haien eskubideak eta parekidetasuna «iraultzaren ondorenerako» promesa bihurtu ohi dira: «Lehenbizi herria askatu, eta gero gerokoak».

«Gizonezkoen pentsaeraren arabera bizi den mundu batean bizi gara, eta horren arabera antolatzen ditugu gure bizitzak. Horregatik da garrantzitsua gure independentzia eta erabakimena garatzea, gero pertsona aske gisa itzultzeko espazio mistoetara, menpekotasunik gabe»

Armadak bereiztea erabaki zutenean, helburu nagusia emakumeek euren buruarekiko konfiantza sendotzea zen. «Gizonezkoen pentsaeraren arabera bizi den mundu batean bizi gara, eta horren arabera antolatzen ditugu gure bizitzak. Horregatik da garrantzitsua gure independentzia eta erabakimena garatzea, gero pertsona aske gisa itzultzeko espazio mistoetara, menpekotasunik gabe». Gune esklusiboen ideiak Europan eztabaida handiak eragiten dituela aipatuta, irribarre egin du Çayanek: «Jakina. Askapenaren bila ari zarenean, ezinbestean ari zara onartzen menpekoa zarela: autokritika egitera behartzen zaitu. Eta ohiko egoera horretatik askatzeak beldurra ematen du».

Mendiko bizimodua

Kandilgo kanpalekuetan asmatzen eta saiatzen dute gerrillariek PKKren elkarbizitza eredu ideala. Adin desberdinetako emakumeek elkarrekin antolatzen dute eguneroko jarduna; daukaten arduraz jakitun, baina irribarrea galdu gabe. Borroka armatuarekin bat egin zuten egunetik dakite arriskuaren berri, eta harekin bizitzen ikasi dute: edozein unetan zerbait larria gerta litekeen ideiak ez die eragozten eguneroko poza. Alderantziz: euren burua defendatzeko gai direla dakitelako, badakite zer gerta dakiekeen eta zer ez. Eta prest daude arrisku horiek onartzeko, mendian eraiki duten bizimoduaren prezioa badira.

Batzuek hogei urtetik gora daramatzate oihaneko kanpalekuetan bizitzen. Horretarako, uko egin diote emakumetasuna definitu izan duten elementu nagusiei; besteak beste, amatasunari eta familia eredu tradizionalari. Idatzi gabeko araua da gerrillariek ez dutela bikote harremanik eraikitzen; alde batetik, praktikan zailtasun ugari dauzkatelako «egun batean toki batean gaude eta hurrengoan, beharbada, frontean», eta, bestetik, kideen arteko ekidistantzia bermatu eta menpekotasunak saihestu nahi dituztelako: «Sentimenduak sor litezke pertsona batzuekiko, jakina; baina norberak erabakitzen du harreman batean sartu edo ez. Eta hori egin aurretik, pentsatu behar da ea harreman hori parekidea izateko adina askatu ote diren biak euren rol tradizionaletatik. Ondorioa ezetz izaten da gehienetan».

Finean, familia eredu berri bat sortua dute mendian, euren erabakiz aukeratua. Guztiek dakite zergatik eta zertarako dauden bertan, eta horrek are gehiago lotzen ditu elkarrengana. Kolektiboki antolatzen dute bizitza, elkarrekiko errespetua eta maitasuna oinarri hartuta: pozten dira oihanean beste komandoak topatzen dituztenean, eta atsekabetzen, Siriako fronteko heriotzen berri izaten dutenean. Iluntzeetan solasaldi luzeak izaten dituzte kanpalekuetan, eta kantari besarkatzen dute elkar. Euren arteko harremanak ikusita, bi uste handi erortzen zaizkio bati: alde batetik, armak, heriotza eta gogortasuna lotzen dituen gudariaren irudia; eta, bestetik, emakumeek familia bizitzari uko egitea sakrifizioa dela dioena. Kontrara: hobeto bizi dira mendian gerrillari gisa, hirian zibil gisa baino. Han topatu dituzte bestela inon bermatu ez dizkieten parekidetasuna eta askatasuna.

Çayan Turkiako unibertsitate ospetsuenetako bateko ikaslea zela sartu zen PKKn. Ez dauka ezeren damurik: «Gerrillara batu izan ez banintz, ziurrenik ikasketak bukatuko nituzkeen, lanpostu bat topatu, eta akaso familia osatu. Hemen ez daukat halakorik, ez bikoterik, baina askoz sakonagoak diren harremanak ditut. Modernitate kapitalistak erakusten digu harremanak sexuaren arabera balioesten, eta energia asko xahutzen du horretan; baina, sexuaz harago, jendeak ez du elkar ezagutzen. Gizarte zibileko harremanak oso azalekoak dira».

Kurdistango gizartea tradizionala, patriarkala eta feudala da oro har. Familia askok gaztetatik prestatzen dituzte neskak ezkontzarako, eta, duela gutxira arte, askorentzat mendira jotzea zen hura saihesteko modu bakarrenetarikoa. Nolanahi ere, bidegabea litzateke erabaki hori ihes edertzat jotzea. Armak gizonezkoen nagusitasunaren sinbolo dira tradizioz, eta haiek hartzea, askorentzat, haustura soziala bezainbeste da pertsonala. Emakumezko militanteek etengabe frogatu behar izan dute euren gaitasuna; femeninoak ez izatea edota familiaren santutasuna apurtzea egotzi izan diete; eta gizonezko kideei ulertarazi behar izan diete zergatik zaien hain garrantzitsua haiekiko independentzia.

«Modernitate kapitalistak erakusten digu harremanak sexuaren arabera balioesten, eta energia asko xahutzen du horretan; baina, sexuaz harago, jendeak ez du elkar ezagutzen. Gizarte zibileko harremanak oso azalekoak dira»

Çayanentzat, fusilak jabekuntza prozesu hori guztia sinbolizatzen du. «Arma tresna bat da, eta zeuk erabakitzen duzu zein funtzio ematen diozun». PKK-ko emakumeentzat, euren burua defendatzeko erabiltzen duten objektua bezain garrantzitsua da defendatzeko gai direla jakitea: elkar osatzen duten bi baliabide dira. «Ez da soilik mendian bizi garenontzako printzipio bat. Gizarte zibileko emakumeek ere egunero jasotzen dituzte erasoak; bortxatu eta hil egiten dituzte. Euren burua defendatzeko arma bat balute eskura, eta ez derrigor fusil bat, erasoek nabarmen egingo lukete behera».

«Gizona sistema bat da»

Armadaz harago, egitura politiko eta sozial nagusietan ere modu independentean antolatuta daude emakumeak. KJK Kurdistango Emakumeen Batasuna arduratzen da guztiak koordinatzeaz, Kandilen duten egoitzatik. Han daude Bese Erzincan eta Esma Semsur, zuzendaritza batzordeko kideak; 1990eko hamarkadatik bizi dira mendian. Inguruko lehengaiekin prestatutako bazkariaren inguruan gogoratu dute hastapenetako garaia. «Emakume kurdu asko Serhildan garaian irten ziren lehenbizikoz kalera», azaldu du Erzincanek. Serhildan-ek matxinada esan nahi du kurdueraz: 90eko hamarkadaren hasieran Turkiako Gobernuaren aurkako hainbat protesta egin zituzten Ipar Kurdistango herrietan, aski da lelopean. PKKren ordura arteko eraso handienak ere orduan izan ziren, eta milaka koadro berri batu ziren alderdira.

Azken bi urteotan beste bultzada handi bat jaso du Kurdistango emakumeen mugimenduak. Siriako gatazkaren ondorioz ez da soilik adar armatua aktibatu; gerrak utzitako botere hutsunean esku hartu eta euren administrazioa jarri dute martxan kurduek. Lan horren zati handi bat emakumeena izan da: beraiek antolatu dituzte, besteak beste, ekonomia autonomoa ahalbidetu duten kooperatibak, eskolak eta udal mailako erabakiak hartzeko batzordeak. «Rojavako emakumeen mugimendua beti izan da indartsua», nabarmendu du Erzincanek. «Egunkariak irakurrita, badirudi bat-batean eta ezerezetik azaleratu direla emakume borrokalari horiek guztiak. Baina [Abdullah] Ocalanek [alderdiko buruak] denbora asko igaro zuen Sirian 80ko hamarkadan, eta horrek nabarmen eragin zien hango emakumeei».

«Klase eta genero zapalketa elkarrekin datoz: maskulinotasunak aginte genero bat, aginte klase bat eta aginte estatu bat sortu ditu. Gizona testuinguru horretan aztertuz gero, bistan da gizontasuna 'hil' egin behar dela»

Paradoxikoa eman lezakeen arren, Ocalanek ezinbesteko garrantzia izan du emakumeen askapen mugimenduarentzat. Alde batetik, haren idatzietatik abiatuta formulatu dute askapenerako ideologia; bestetik, haren markaren onespenak balio izan die emakumeen auzia gerrilla osoaren agendaren erdian jartzeko, eta gizonezko militanteei ulertarazteko kapitalismoa eta patriarkatua elkarren eskutik doazela. Edo, Ocalanen hitzetan, «gizona sistema bat» dela: «Klase eta genero zapalketa elkarrekin datoz: maskulinotasunak aginte genero bat, aginte klase bat eta aginte estatu bat sortu ditu. Gizona testuinguru horretan aztertuz gero, bistan da gizontasuna hil egin behar dela. Zera esan nahi du boterea hiltzeak: alde bakarreko agintea, desoreka eta intolerantzia hiltzea».

Oinarrizko kritika

Azken hogei urteotan, emakumeen armada sortu da, emakumeen mugimenduak bere alderdi politikoa aurkeztu du, eta soilik emakumeek kudeatutako sareak hedatu dira gizartean. Indar hori guztia egitura baten inguruan antolatu beharra zegoen: horregatik osatu zuten KJK. «Emakumeen eta gizartearen arteko hitzarmen berri bat nahi dugu», azaldu du Erzincanek: «Gizartea instituzio etiko eta politikoa da, eta guk emakumeen askapenaren inguruan egituratu nahi dugu. Horretarako, gizartearen beraren muinari begiratu behar diogu, gizateria geroz eta gehiago ari baita bere berezko izatetik urruntzen».

Baina zer esan nahi du gizarteak gaur egun kurduentzat? Ocalanek, bere idatzietan, bereizi egiten ditu «gizarte demokratikoa» eta «modernitate kapitalista». «Historian, zibilizazio demokratikoek eutsi egin diote», azaldu du Erzincanek: «Eta horren muinean dauden erresistentziazko figurak emakumezkoak dira; emakumeek ere, zapalduta egonik, eutsi egin diotelako».

Oinarri horretatik abiatuta, gizarteak «inposatutako» kategoria eta kontzeptu funtsezkoenak jarri dituzte zalantzan: zer den emakumea, zer gizona, zer familia. «Dimentsio guztietan bizi izan dugu gizonezkoen nagusitasuna, eta horrek berak sortu du emakume eta gizon eredu jakin bat; rolak horren arabera banatzen dira». Emakumeen alderdiaren funtzio nagusietako bat, hain zuzen ere, gizonezkoei ere formakuntza ematea da. «Hezi egiten ditugu, gizon gisa aldatu». Oinarrizko printzipioak lantzen dituzte: nola jokatu emakumeekin, nolako harremanak izan. «Helburua gizon askea sortzea da».

Erzincan hizketan ari dela, marmarka hasi da kanpadendaren sarrerako walkie-talkiea. «Mugitu beharra daukagu: Turkiako hegazkin militar batek gurutzatu du muga». Arin, baina larritasun handirik gabe, zibilen gunera jaitsi dira, kideek atera berri dituzten janari erretiluak aldean hartuta; segurtasuna bai, baina tripazorririk ez, arren. Etxeen arteko babesleku bat topatu, lurrean eseri eta berriz heldu diote bazkaritako solasaldiari. «Ohitura patriarkal asko oso errotuta daude, eta mugimenduaren barruan ere sortu izan dute gatazka», azaldu du Semsurrek. «Garai batean, neska batek bakarrik ibiltzea erabakitzen bazuen, aski zen haustura eragiteko: hura bere kasa bizitzen irudikatzeak hankaz gora jartzen zuen gizonezko askoren mundu ikuskera guztia. Horregatik diogu gure lehenbiziko operazioa gizontasuna hiltzea izan zela».

Arrastoak gizarte zibilean

Emakumeen mugimenduaren indarra aise suma liteke Kurdistanen. Siriako administrazio kurdu guzietan kopresidentetza printzipioa betetzen da, baita Turkiako eta Irango alderdi kurduek kontrolatzen dituztenetan ere: batzorde eta ordezkaritza organo guztietan %50eko kuota daukate, eta bozeramailearen tokia beti beteko dute emakume batek eta gizonezko batek. Ikusgarritasun kontu bat baino dezente gehiago da: izan ere, soilik andrazkoek aukeratzen dituzte erabaki guneetan dauden emakumeak.

Sistema horren beste ondorio bat da ideologia feminista nabarmen hedatu dela Ipar Kurdistanen, PKK-k eragin handiena duen eskualdean. Ez da soilik eliteen ideala: oro har onartuta dago emakumeen askapena dela nazioa askatzeko oinarrizko urratsa. Mugimenduak kontrolatzen dituen egitura guztietan, esaterako, mekanismoak dauzkate genero indarkeriaz errudun jotako gizonak kanporatzeko.

Emakumeen jabekuntzaren aldeko diskurtsoari esker, Ipar Kurdistango gizartea bera ere politizatu da neurri batean, kontzientzia kolektiboa ere elikatu delako hartatik. PKKren eskutik datorren gizarte ikuskerak bete-betean egiten du talka inguruko gobernuen diskurtso atzerakoiarekin: emakumeei nola jantzi eta zenbat seme-alaba izan agintzen dien gobernu autoritario baten ordez, haien erabakitzeko autonomia goresten duen proposamena eskaintzen die.

Lehenbiziko gerra, norbere buruaren aurka

Abdullah Ocalanen eta emakumeen askatasunaren aldeko kartel bat, Maxmurkoneskentzako akademia batean. SAMARA VELTE

Gau beltzean, bide bazterrean geratu da emakumezko gerrillaren autoa. Zuhaitz artetik, esku-argi baten errainua agertu da dardarka, eta, haren ondotik, zibil jantzitako emakume bat. Erreka ertzetik, kanpalekura eraman du gerrillari taldea: Sehit Silan akademia dago han. Kandil mendiaren behealdean daude, herrixka batzuen arteko basoan; gune zibilen babesean dago, eta, beraz, oihalezko etxolak ez daude goian bezain ezkutatuta.

Erdian, kanpadenda urdin bat du bisitariei aterpea emateko, eta, zuhaitzen artean, kamuflatuago dauden etxola txiki gehiago; haietan PKK-ko koadroek egiten dute lo. Denda nagusiaren inguruan hainbat bonbilla daude piztuta, eta suaren gainean teontzi bat ari da borborka. Hamarren bat gerrillari eta beste hainbeste zibil dabiltza bertan; batzuk sutondoan, eta besteak mahaian kontu kontari. Zibilak Maxmurtik etorritakoak dira, PKK-k kontrolatzen duen errefuxiatu gunetik; hilabeteko prestakuntza jasoko dute hemen.

«Mugimendu gisa arrakasta izan nahi baduzu, garrantzitsua da zure koadroak sortzea, zure militanteak. Jendearen buruan eragiten duzun aldaketaren araberakoa izango da iraultzaren arrakasta»

Silan Cele arduratzen da irakaskuntzaz. «PKKrentzat, prestakuntza hasiera-hasieratik izan da zutabe nagusietako bat», azaldu du: «Mugimendu gisa arrakasta izan nahi baduzu, garrantzitsua da zure koadroak sortzea, zure militanteak. Jendearen buruan eragiten duzun aldaketaren araberakoa izango da iraultzaren arrakasta».

PKK Kurdistango Langileen Alderdia Turkiako unibertsitate giroan sortu zen, 1960ko hamarkadan, Ipar Kurdistango ikasle batzuen eskutik. Kutsu intelektual nabarmena zeukan, beraz, hasieratik; baina ez zetorren bat garai hartako gizartearen zati handienarekin. 1980ko estatu kolpetik eta, bereziki, borroka armatuari heldu zionetik aurrera, landa guneetako kide ugari batu zitzaizkion askapen mugimenduari, eta bi maila bereizten hasi ziren PKKren barruan. Mendiko herrixketatik heldutakoak sendoagoak ziren gorputzez, eta hobeto moldatzen ziren lan fisikoetan; baina askok, esate baterako, ez zekiten irakurtzen. Hirietatik eta unibertsitate mundutik batutakoak, berriz, askoz aurreratuago zeuden askapen teorietan «gehienek ezkerreko mugimenduetan militatzen zuten lehendik ere», baina zailtasun handiagoak izaten zituzten gerrillako bizitzara moldatzeko. Horregatik, beharrezkoa zen guztiei oinarrizko prestakuntza ematea. «Europatik datozenek, oro har, sentsibilitate handiagoa dute askapen pertsonalerako; Kurdistangoek helburu kolektiboago batekin jotzen dute gerrillara. Beharrezkoa da biak orekatzea».

Gaur egun, gerrillara sartzen diren guztiek igaro behar dute lehenbizi ikasketa aldi bat. «Hasteko, PKKren barruko bizitza zer den ikasten dute; gure bizimodua eta kultura erakusten dizkiegu», azaldu du Jindar Cayan komandanteak. «Gero, prestakuntza militarra jasotzen dute, arma bakoitza nola erabili ikasteko. Eta, azkenik, formakuntza ideologikoa: haren bidez jasotzen dute PKKren askapenerako ikuspegia». Hirurek garrantzi bera dute koadro berrien prestaketan; oinarrizko fase hori igarotakoan, unitate jakin batera igortzen dituzte, eta aukera dute hezkuntza espezializatuagoa jasotzeko.

Elizek kristauentzat betetzen duten funtzioa nahi lukete kurduen askapen mugimendukoek euren akademientzat. «Mendian, hirian... antolatuta gauden edozein lekutan daude akademiak», nabarmendu du Celek: «Gerran gaudenean ere ez ditugu eteten formakuntza saioak». Kandilen, gerrillarientzat ez ezik, zibilentzat edo beste mugimenduetako militanteentzat ere badituzte ikastaro ideologikoak. Urtero 300 bat lagunek hartzen dute parte haietakoren batean. Beharraren arabera, entrenamendu militarra ere jaso dezakete: «Estatu Islamikoak iazko udan Maxmurren sartu nahi izan zuenean, esaterako, zibilek ere jo zuten armetara herria defendatzeko».

Jakintza ofizialari kritika

Gerrillari berri batzuei oso funtzio zehatza ematen diete hasieratik. KJK Kurdistango Emakumeen Batasunaren kanpaleku nagusian, esaterako, lan politiko eta diplomatikorako prestatzen dute dozena erdi bat neska gazte; asko Europan hazi edo bizi izandako kurduak dira. Oro har, ordea, txandakatuz doaz ikasgaiak; hartara, guztiek ikasten dute denetik.

Espezializazioa ukatu gabe, garrantzi handia ematen dio askapen mugimenduak «jakintza osoa» deitzen dionari. «Zientzia tradizionalak fragmentarizazioarekin jokatu du, herritarrei jabekuntzarako tresnak ebasteko. Horrela lortzen du guri pentsaraztea ezinezkoa dela gauza batzuk jakitea, edo oso lauso eta ulergaitz bihurtu ditu zenbait gai; esate baterako, ekonomia», azaldu du Siyar Kocigiri ikertzaileak. «Zientzia eta gizarte gaiak bereizten dituzte, gauza independenteak balira bezala. Funtsean, esaten ari zaizkiguna askoz harago doa; izan ere, logika horrexen arabera bereizten dituzte pentsatzen duen gizona eta sentitzen duen emakumea. Jabetzea eragozteko mekanismoak dira».

«Gizartea da jakintza guztiek bat egiten duten puntua: hari mesede egiteko balio behar dute zientziek. Ezin dira bereizi zientzia politikoak eta arteak, edo kultura eta matematika. Haiek bereizteak gizartearen ikuspegi osoa galarazten dizu, eta inolako ardurarik gabeko norbanakoak sortzen ditu»

Kocigiri ez da gerrillaria, baina PKK-k kontrolatzen duen Maxmur errefuxiatu gunetik dihardu askapen mugimenduarekin bat datozen eduki akademikoak sortzen. Zientzia ulertzeko modu positibista ukatzen du: «Gizartea da jakintza guztiek bat egiten duten puntua: hari mesede egiteko balio behar dute zientziek. Ezin dira bereizi zientzia politikoak eta arteak, edo kultura eta matematika. Haiek bereizteak gizartearen ikuspegi osoa galarazten dizu, eta inolako ardurarik gabeko norbanakoak sortzen ditu. Esate baterako: ustezko zientzia eta gizartea bereizten ditugulako, zientzialari batzuek inolako ardura moralik gabe egiten dute lan. Berdin zaie arma nuklearrak ekoitzi behar dituzten; finean, haientzat gauza bat lana da, eta hura amaitzean hasten da haien bizitza».

Jakintzak bereizita gizarteari ekarpena egiteko gaitasuna galtzen dela uste du Kocigirik. «Ekonomia, esate baterako, gauza abstraktu bihurtu dute, benetan esan nahi duenetik erauzita. Diruaren bidez dirua sortzea ez da jarduera ekonomiko bat; ez duzu ezer ekoizten. Ekonomia gizartearen beharrei erantzuteko kudeaketa mota bat da, eta haren oinarrian etxekoandreak daude: haiena da benetako jardun ekonomikoa, etxe baten beharren arabera antolatzen dituztelako baliabideak».

Hezkuntza feminista

Akademia mistoak zein banatuak dituzte Kandilen. Batzuk, propio, genero ikuspegian espezializatuta daude; gizonezko gerrillariek ere behar bezainbeste denborako ikastaroak jasotzen dituzte emakumeen askapenerako teoriak barneratu arte. «Emakumeentzat garrantzi berezia dauka hezkuntzak, gure buruetan sakon errotuta daudelako pentsaera patriarkalak eragindako distrakzioak», azaldu du Celek. «Askapen borrokan subjektu gisa parte hartu nahi badugu, ezinbestekoa da lehenbizi burua askatzea, eta horretarako mekanismo nagusia hezkuntza da». Izan ere, askatasunerako oztopoak gainditzen ikastea ere bada hezkuntza: «Zeure burua ezagutu gabe, nor zaren jakin gabe, ez zara borrokarako gai izango».

Hain zuzen, «emakumeen zientzia» moduko bat ere sortzen ari da PKKrekin lerratutako askapen mugimendua. Jineoloji izena ipini diote kurdueraz, eta, finean, zalantzan jartzen du zientzien irakurketa tradizionala. «Gizarteko botere harremanen sorrerari erreparatu genionean, ulertu genuen zenbateraino oinarritzen den zientzia gizonezkoengan, pentsaera positibista eta analitikoan». Oinarri horiek guztiak iraultzen hasi dira orain: «Hasteko, zalantzan jarri behar da historiaren kontaketa tradizionala: estatuen sorrerarekin hasten den kontaketa hori, gizonezko protagonistak baizik ez dituena. Guk gurea kontatu nahi genuen: emakumeen inguruko antolaketarena, idatzi gabea; hori nahi genuen gure historiarako».

Haize berria Ekialde Hurbiletik

Mendebaldean saiatu dute  lehenbiziko aldiz eredu konfederala; YPG eta YPJ gerrillen defentsak  eman die, neurri handi batean, horretarako aukera. SAMARA VELTE

Azadi, askatasuna; luzaroan desiratutako ideala da kurduentzat. Garai batean, estatu kurdu baten ideiari estuki lotuta zihoan, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiak ere helburu horixe zeukan lematzat. Duela urte batzuetatik, ordea, estrategia aldatu dute: estatu-nazioak egitura gisa ukatu, eta konfederalismo demokratikoa deitzen dioten sistema bat aldarrikatzen dute. Independentzia praktikoa lehenesten dute, estatu tradizionaletatik at, eta, batez ere, inoren baimenik gabe.

Erabakiak ulertu ezina eragin ohi du estaturik gabeko beste nazioetan. PKKrekin lerratutako askapen mugimenduak geroz eta eragin handiagoa du; ongi finkatutako alderdi politikoak dauzka, eta herrialdea defendatzeko adinako gaitasun militarra. Inguruko aginteak gain behera etorri direnetan, berak eutsi egin dio. Siria eta Irak zartatuta daude azken urteotako gatazken ondorioz; proportzioan, gerrilla kurduek erakutsi dute gaitasun handiena Estatu Islamikoari eta bestelako talde jihadistei aurre egiteko. Zergatik ez lukete egoera baliatu behar hegemonia politikoa eskuratzeko?

Arrazoietako bat izan daiteke estrategia hori beste kurdu batzuek erabili izan dutela aurretik, eta emaitza ez dela inondik inora PKKren gustukoa izan. Hego Kurdistanen ikusi dute nola funtzionatzen duen Ekialde Hurbileko independentzia prozesu klasiko batek: KDP eta PUK alderdi kurdu neoliberalak AEBekin aliatu ziren 2003ko inbasioan, eta gaur egun administrazio ia independentea kudeatzen dute. Kurdistango Gobernu Autonomoak bere mugak kontrolatzen ditu, Irakeko armadak debekatuta dauka bertan sartzea, eta Irakeko gainerako lehia politikoek ez diote bertako botere banaketari eragiten. Trukean, Mendebaldearen Ekialde Hurbileko sukurtsal gisa funtzionatzen du. Arbil, hiriburua, mundu mailako inbertsioak erakartzeko diseinatutako hiria da: edozer eros daiteke dolarrekin; luxuzko hotel ugari ditu atzerriko enpresa gizonentzat; eta merkataritza zentro erraldoiak, haiekin datozen familientzat. Eta guztia, nazionalismo kurduaren banderapean.

Paradoxikoki, hegoaldeko gobernu autonomoarentzat aliatu garrantzitsuak dira euren menpeko estatuetan kurduak zapaltzen dituzten bi estatu: Iran eta, batez ere, Turkia. Arbilgo administrazioak ia ez die babesik eskaintzen gainerako lurraldeetako kurduen burujabetza eskaerei, eta horregatik traidoretzat dauka PKK-k. Ankarak azken asteotan Kandilen egindako bonbardaketak ere Hego Kurdistango agintaritzaren onespenarekin egin dituela zabaldu dute Kurdistango hedabideek. Turkiako armadaren hegazkinek hegoalderako muga igaro eta beste administrazio baten menpeko lurraldea bonbardatu duten arren, adierazpen epelak baino ez dira heldu Arbildik: Kurdistango Gobernu Autonomoko presidentetzak, argitaratutako ohar batean, ez zien aipamenik egiten erasoetan hildako zibilei; areago, ideologikoki PKKrekin lerratutako KCK Kurdistango Herri Konfederazioari egotzi zion bonbardaketen errua.

Hegoaldean, jaun eta jabe

Eskualde Autonomoko Gobernua eroso samar sentitzen da lau zatitan banatutako Kurdistanen, eta harribitxien pare zaintzen du azken urteotan eskuratutako gutxieneko autonomia. Desadostasun ideologiko handiak izan arren, PKKrekin lerratutako erakunde politikoek sarri eskatu izan diote kongresu nazional bat antolatzen laguntzeko, baina Masud Barzani presidenteak bizkarra eman die gehienetan. «Behingoz Kurdistan aske samar bat daukagunez gero, ez gaitezen gehiegi kexatu», horixe hegoaldeko alderdi nagusien isileko mezua.

Pexmergek ere aspaldi galdu zuten garai bateko heroismo kutsua. Pexmerga hitzak, literalki, «heriotzari aurre egiten diotenak» esan nahi du. Ospe itzela zuten Saddam Husseinen garaian, Baath erregimenaren aurkako gerrilla gisa zihardutenean. Gaur egun, ordea, hegoaldeko alderdi kurduetako baten funtzionarioak dira gehienak: lurraldea bezala, KDPk eta PUKek elkarren artean banatzen dituzte Kurdistango Eskualde Autonomoa defendatzeaz arduratzen diren indar armatuak.

Bi eredu aurrez aurre

Hego Kurdistango paisaia politikoa herdoilduta dago administrazio independentea ezarriz geroztik: alderdiak tribuen arabera antolatuta daude, eta familia bakoitza batekoa edo bestekoa da; boto-emaileak nekez aldatzen dira bandoz. PKKren ideologiako alderdiak ahalegindu izan dira hegemonia hausten, baina tradizioak ez die zirrikiturik utzi.

Han inon baino argiago ikus daiteke independentziak ez dakarrela derrigor askatasuna. Eta emakumeen eskubideak horren adibide garbia dira: teorian, Kurdistango gainerako lurraldeetan baino zapalketa geruza gutxiago dauzkate, nazio auzia ebatzita daukatelako; praktikan, ordea, emakume gisa zailagoa da Hego Kurdistanen bizitzea. Feudala eta tradizionala da gizartea; tribuek eragin handia dute oraindik, eta ez dago emakumeen aurkako indarkeria eragozteko mekanismo eraginkorrik. Hirietan, «Arbilen bereziki», kalea gizonen eremua da, eta etxean erlijioak baldintzatzen ditu oraindik ohitura asko. Emakumeen eskubideen aldeko erakundeen arabera, urtero 300 inguru saiatzen dira euren buruaz beste egiten; kasu gehienak isilpean geratzen dira. Itomen larri baten bistako sintoma izan arren, agintari politikoek ere ez dute interes handirik erakusten emakumeen eskubideekiko; Barzaniz ere esan ohi da emazte bat baino gehiago dauzkala.

Ezkerreko ikuspegia daukan askapen mugimendu batentzat, zaila da Miss Kurdistan edertasun lehiaketa bat aurrerapentzat jotzea. PKK-ko kideek ezinikusia diote Hego Kurdistango administrazioari. «Zertarako nahiko genuke horrelako estatu bat?», galdetzen diote euren buruari: «Zertarako da independentzia edozer egiteko AEBen OK-a behar baduzu?».

«Lortu behar dena da zapaldutako herri guztiak euren kabuz antolatzea. Hemen ez gara soilik kurduak bizi; asiriarrak, arabiarrak eta kristauak ere badaude. Zergatik ezarri beharko nuke estatu kurdu bat? Ez dugu estatu batetik bereizi nahi beste bat sortzeko; beste herriekiko harremanak aldatu nahi ditugu»

Kurdu askeek behin eta berriz errepikatzen dute euren proiektua ez dela nazionalista. «Askapenerako borroka independentea da etniarekiko eta mugekiko», azaldu du Silan Cele gerrillariak: «Lortu behar dena da zapaldutako herri guztiak euren kabuz antolatzea. Hemen ez gara soilik kurduak bizi; asiriarrak, arabiarrak eta kristauak ere badaude. Zergatik ezarri beharko nuke estatu kurdu bat? Ez dugu estatu batetik bereizi nahi beste bat sortzeko; beste herriekiko harremanak aldatu nahi ditugu».

Estatu-nazioak porrotera derrigortutako eredu bat direlakoan da kurduen askapen mugimendua: izatez dira hegemonikoak, eta ez dituzte lurralde batean bizi diren herriak ordezkatzen. Selahattin Demirtasek, HDP Herrien Alderdi Demokratikoko presidenteetako batek esana da: «Nahi izan bagenu, honezkero hamar Kurdistan sortuko genituen. Garrantzitsuena ez da Kurdistan izena duen estatu bat izatea, baizik eta printzipioak eta idealak dauzkan Kurdistan bat edukitzea».

Konfederalismo demokratikoak hiru zutabe nagusi ditu: genero berdintasuna, ekologia eta erabakitzeko eskubidea maila oinarrizkoenetan. Tokian tokiko auziez arduratzen diren batzorde txikietan antolatutako elkarbizitza eredu bat proposatzen dute gizarterako; maila lokalenean, esaterako, kooperatiba sare sendoa osatzen ari dira ekonomia, hezkuntza eta bestelako behar kolektiboak kudeatzeko.

Egitura horiek independenteak dira indarrean dauden administrazioekiko, eta desberdinak dira tokiko beharren eta aukeren arabera. Barrutien mugak ezartzerakoan, kantoika funtzionatzea proposatzen du kurduen sistema konfederalistak. Lurralde eta adar guztiak egitura orokorrago baten barruan leudeke ordezkatuta: gizarte zibileko erakundeak, alderdi politikoak, emakumeen mugimendua, gazteena eta adar militarreko gerrillak. Sistema berriaren arabera, PKK alderdi ideologiko bat baino ez da mugimendu zabalago baten barruan.

Rojavako adibidea

Estrategia politiko berria, hain zuzen ere, ez da indarrean sartu autonomia ofizial gehien duen lurraldean (Iraken), ez eta mugimenduak babes gehien duenean ere (Turkian); Rojavan, Siriaren menpeko Kurdistanen hasi dira harekin bizitzen. Rojavako Iraultza deitzen diote: Siriako gatazkaren hasieratik, kurduak bizi diren lurrak defendatu dituzte YPG eta YPJ Herrien Babeserako Unitateek: lehenbizi, Siriako armadaren aurka; gero, oposizioko talde eta milizia islamisten aurka; eta, azken urtebetean, EI Estatu Islamikoaren aurka.

2014ko urtarrilean, kurduek autonomia aldarrikatu zuten Rojavako hiru kantoitan: Cizren, Kobanen eta Afrinen. Aurrerantzean euren kabuz antolatuko zirela jakinarazteko modua izan zen hura: inori baimenik eskatu gabe, soilik adieraziz. Ordutik, defentsa ez ezik, eguneroko bizitza ere antolatu dute lurraldeotan: hutsetik hasi behar izan dutenez gero, batzorde bidezko sistema konfederalista jarri dute indarrean. «Estatuari ez diogu inolako estimurik», azaldu du Celek: «Baina ez dugu hura ukatzen. Besterik gabe, gure bidea egiten utzi behar digu».

Mendebaldeko Kurdistango egoeraren berri ematen duen The Rojava Report atariaren arabera, Afrin «merkataritzarako eta produkziorako zentro» bihurtzen ari da, inguruan dauzkan gatazka armatuak gorabehera. Siriako gerraren aurretik, 200.000 lagun inguru bizi ziren kantoi horretan; orain, milioi bat baino gehiago dira. YPG eta YPJ gerrillek egonkortasuna bermatu diete, eta herri batzordeek eguneroko bizitza antolatu dute bitartean. «Baath erregimenarekin, ia tailerrik ere ez zegoen Afrinen», dio Rojava Report-eko artikuluak, «orain 84.000 metro koadroko industria parke bat dago, eta bertan, 800 lagunentzako lanpostuak».

Jakina: ez da gauza bera halako proiektu bat botere hutsune batean abiatzea «Sirian» edo administrazioak erabat kontrolatuta eduki nahi duen lurralde batean; Ipar Kurdistanen edo hegoaldean, esaterako. Baina badira 18 hilabete Siriako kantoiak aldarrikatu zituztenetik, eta Estatu Islamikoaren eraso odoltsuek ere ez dituzte erorarazi. Askok aitortzen ziotena baino egonkortasun handiagoa erakutsi du kurduen eredu konfederalak, eta, neurri handi batean, gerrillaren defentsarako gaitasunari esker izan da hori. Ankarak eta KDPk elkar hartu dute Rojavako Iraultza geldiarazteko; besteak beste, iheslarientzako eta laguntzaileentzako mugak itxita. Turkiak ez baitauka arazorik kurduekin, PKKrekin baizik.

Iparraldeko irla bat desertuan

Errezelo handiz zaintzen dituzte  euren balioak Maxmurko herritarrek: elikagaiak hartzen dizkiote NBEri,  baina hezkuntza euren kabuz antolatzen dute. SAMARA VELTE

Ekain hasiera da Ekialde Hurbilean. Maxmurren, desertu erdian, aise igotzen da termometroa 45 gradutara. Adobezko etxeetan piztuta dago aire girotua —ordu beroenetan, bederen—, sofaz goxatutako egongela tapizatuetan. Telebistan, PKKra lerratutako bost kanaletako batek gerrillako martirien irudiekin osatutako bideoklipak ematen ditu bata bestearen atzetik; besaulkietako baten ondoan, Abdullah Ocalanen liburu bat datza hasita. Maxmurren inor gutxik pentsatuko luke errefuxiatu gune batean dagoela.

Ofizialki hala deitzen diote, kanpalekua. 1998an ezarri zuten, Hego Kurdistan ofizialki amaitu eta Irak hasten den tokian, iparraldetik egotzitako kurduei aterpea emateko. Turkiako indar armatuek 90eko hamarkadan bortxaz hustutako herrietako biztanleak dira Maxmurko familia gehienak, baina badira gerora arrazoi politikoengatik errefuxiatutako beste asko ere. Gehienak PKK Kurdistango Langileen Alderdira lerratutako militanteak dira, eta alderdiaren ideologiari jarraika antolatu dute errefuxiatu guneko bizitza. Gaur egun, praktikan, herri guztiz burujabea da Maxmur: nazioarteko erakundeen karitatezko laguntzarik gabe asmatu du egunerokotasuna antolatzen. PKKrentzat, berriz, bere proposamen ideologikoak gizarte zibilera eramateko aukera zuzenena da.

Kandilera begira bizitzea

Lehenbiziko iheslariak heldu zirenean, sasitza baino ez zegoen basamortuaren erdian. Orain, Maxmurrek inguruko herrixkek baino berdegune, baratze eta drainatze sistema hobeak ditu. Inguruko eskualdeak arabiarrak dira oro har, eta Maxmurreko kurduek ez daukate harreman handirik haiekin. Iparraldeko irla bat da Hego Kurdistanen, eta iparraldera begira bizi da; familia gehienek dute senideren bat edo beste gerrillan, Kandil mendietan edo Siriako frontean.

Errefuxiatu estatus ofiziala dutenez gero, ez daukate botoa emateko eskubiderik Iraken menpeko erakundeetan. Batzuk itzul litezke jatorrizko herrietara, baina jarrera politiko gisa eusten diote errefuxiatu izaerari: itzultzekotan, Turkiako Gobernuarekin negoziatuta itzuliko dira.

Ekialde Hurbilean, Nazio Batuen Erakundea arduratu ohi da iheslarientzako kanpalekuez: harenak izan ohi dira errefuxiatu guneetako ikastetxe, osasun etxe eta antzerako oinarrizko zerbitzuak. Maxmurren elikagaiak eta erregaia onartzen dizkiote, baina gainerakoan ez diote uzten herriko bizitzan esku hartzen, are gutxiago hezkuntzan. Errezelo berbera dute Hego Kurdistango gobernu autonomoarekin. Iazko udara arte, KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoaren pexmergek zaintzen zuten Maxmurrera sartzeko kontrolgunea, baina Estatu Islamikoak herriari eraso egin zionean, ihes egin zuten gobernuko indar armatuek. PKKren gerrillek eta prestakuntza militarra jasoa zuten herritarrek arin atera zituzten zibilak Maxmurtik, eta, harrezkero, PKK-k kontrolatzen du sarbidea.

Egiaz, Maxmur aspalditik bizi da askapen mugimenduaren eraginpean, eta haren ideologiaren arabera antolatuta daude herriko zerbitzuak: bi alkate ditu, bata emakumezkoa eta bestea gizonezkoa, eta batzordeetan hartzen dituzte erabaki garrantzitsuenak. Emakumeak eta gazteak nor bere aldetik antolatuta daude, eta Emakumeen Fundazioa daukate, propio andrazkoek daramaten ekonomia kudeatzeko; hark antolatzen ditu, besteak beste, herriko haur eskolak eta emakumeek lan egiten duten dendak.

Hezkuntza sistema ere berezia da Maxmurren, eta horregatik zaintzen dute hainbesteko tentuz. Eskola arruntaz gain, emakumeen akademia sortu dute, 14-15 urtetik aurrerakoei prestakuntza berezia emateko. «Beharraren araberako ikastaroak dira: alfabetatzea, informatika, gorputz heziketa...», azaldu du Arya Andok irakasleak: «Guztietan, oinarri ideologikotik hasten gara: gizartean sexismoa identifikatzen erakusten diegu, autodefentsa zer den, emakumeen historia, lidergoaren errealitatea... Emakumeen anatomia ere ematen dugu; gorputzari buruzko kontzientzia hartuta, harekiko harreman berri bat eraikitzeko. Emakumeen kontzientzia indartzea da, finean, helburua».

Egunez bero handia egiten duenez, arratsaldez izaten dira eskolak. Ikasle helduenek segituan betetzen dituzte lehenengo ilaretako eserlekuak; asko dozena erdi bat laguneko etxea gobernatzetik datoz, ziurrenik. Neska gazte batzuk geroago heldu dira, korrika batean: hiriko unibertsitateko ikasleak dira, eta udan familiari lagundu behar izaten diote lanean. «Hemen lantzen dugun jabekuntza sumatzen da gero kalean», azaldu du Andokek: «Helburuetako bat parte hartzea bultzatzea da; emakumeek ikasten dute iritzia adieraztea zein garrantzitsua den, eta horrek asko aldatu du familiako bizitza. Ikasten dute zer defendatu behar luketen eta zer ez, batez ere gizonezkoekiko harremanei dagokienez; eta nola babestu behar duten euren burua indarkeria mota ugariren aurka».

Gizarte egitura tradizionalekin gatazka izan ohi dute PKKren proposamenek. Tribuak eta familia hertsiak botere egitura atzerakoitzat ditu alderdiak, baina eragin handia dute Kurdistango gizarteko ordenan. Garai batean, familia bera ere ukatzearen aldeko joera bat sortu zen alderdiaren barruan; baina, errealitatearekin adiskidetze aldera, familia eredu «etiko-politiko» baten aldeko joera nagusitu zen azkenean. Proposamen horren arabera, familia ez litzateke izango bere baitara bildutako talde itxi bat, gizartean politikoki eragiten duen sarearen «korapiloetako» bat baizik. Kide guztiek era batera edo bestera eragingo lukete askapen mugimenduan; esate baterako, alderdia babestuz edo haren ideologiarekin bat datozen ekinbideak abiatuz.

Irlan irautea

Batzuentzat, «terroristen babesgunea» da Maxmur; besteentzat, «erresistentziari emandako bizitzaren sinboloa». Neurri batean, PKK inon gobernatzera helduko balitz irudika litekeen gizarte baten adibidetzat jo liteke: zibilek alderdia babesten dute, eta askok —helduenek bereziki— beren haragian bizi izan dute gatazka. Baina nola iraunarazi kontzientzia hori hurrengo belaunaldietan? Ez ote dira ohituko bizimodu horretara? Komalen Ciwan gazte erakundearen helburu nagusietako bat gazteen nortasun politikoa indartzea da. «Errefuxiatuak gara: hemen jaio arren, ez gara bertan errotzen, badugulako jatorrizko herrira itzultzeko esperantza», azaldu du Berferat Zermani erakundeko kideak. «Gerraren biktimak gara, baina ez gaituzte hala aitortzen».

Maxmurreko gazteek prestakuntza militarra ere jasotzen dute; Zermanik berak gerrillarien antzeko jantzi bat darama. Tarteka Hego Kurdistango hirietara joaten direla azaldu du; esate baterako, unibertsitatera joan behar dutenean. Halakoetan, talka kulturala nabarmena izaten dela aitortu du: «Kurdistango gizarte zibila Europako ereduan bizi da. Gu saiatzen gara lau zatietako gazteak antolatzen, KCKren paradigma berria barneratu eta sistema horren eraikuntzan parte har dezaten; esate baterako, Kurdistango gainerako zatietako gazte mugimenduekin kongresuak antolatuta». Baina Maxmur erreserba natural baten modukoa da, eta saihetsezina da pentsatzea gazteok nekez topatuko dutela euren tokia Arbilen moduko hiri batean; aldiz, aiseago irudika litezke mendian fusilari helduta.

Gerra atarian daukate berriro

Suruçeko sarraskia kolpe handia  izan zen askapen mugimenduarentzat; hark Turkiako Gobernuari egotzi zion  erasoaren erantzukizuna. Irudian, sarraskia salatzeko protesta bat.  SEDAT SUNA / EFE

Kurdistan sutan dago berriz. Hegoaldeko Kandil mendietan bonbardaketa saio ugari egiten ari da Turkiako armada, eta iparraldean sarekada zabalak egin ditu militante politikoen aurka. Herenegun Silopi herria setiopean hartu zuten tankeek, eta hainbat eskualdetan larrialdi egoera ezarri dute. Gerrak atea jo die, beste behin, kurduei, eta oraingoan erantzuna sendoagoa izango da. KJK Kurdistango Emakumeen Batasunetik jakinarazi dute egoera «larria» dela: «Erabateko gerran gaude».

Denbora kontua baino ez zen. PKK Kurdistango Langileen Alderdiak eta Turkiako Gobernuak 2012 urrun hartan iragarritako bake prozesua oso gutxik sumatu dute azken hilabeteotan, eta udaberriaz geroztik galdutzat eman dute guztiek. Gerra deklaraziorik ez dute behar izan sekula existitu ez den bakea hausteko.

«Askapen mugimenduak eta Apo buruzagiak bagenekien Turkiak aspalditik hartua zuela gerraren aldeko erabakia. Ahal dugun guztia egin dugu gobernuak negoziazio ofizialak abia zitzan, baina ez dugu lortu: apiril hasieratik erabat bakartuta dauka Ocalan, eta ez da beste elkarrizketa saiorik egon HDPrekin»

Erasoak lehendik ere izaten zirela azaldu dio BERRIAri Dilan Koçer KJK-ko bozeramaileak: «Askapen mugimenduak eta Apo buruzagiak [Abdullah Ocalan PKK-ko buruak] bagenekien Turkiak aspalditik hartua zuela gerraren aldeko erabakia. Ahal dugun guztia egin dugu gobernuak negoziazio ofizialak abia zitzan, baina ez dugu lortu: apiril hasieratik erabat bakartuta dauka Ocalan, eta ez da beste elkarrizketa saiorik egon HDPrekin [Herrien Alderdi Demokratikoa, kurduak Turkiako Parlamentuan ordezkatzen dituena]».

PKK-k 2012ko abenduan erretiratu zituen gerrillari gehienak iparraldeko mendietatik Hego Kurdistanera, eta de facto su-etena ezarri zuen. Koçerrek salatu duenez, Turkiako Gobernuak sarri egin izan ditu operazio militarrak gerrillariak dauden guneetan, «gatazkak probokatzeko»: «Baina gerrillak agindua zeukan hauteskundeetara arte borroka armatuari tarterik ez uzteko. Ordura arte, abisuzko tiro batzuekin lortzen zuten militarrek atzera egitea».

Ekainaren 7ko bozak, ordea, mugarri izan ziren Turkiaren eta PKKren arteko gatazkan. Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP alderdiak gehiengo osoa galdu zuen, lehenbiziko aldiz, 2002an agintera heldu zenetik. Galera HDPren mesederako izan zen nagusiki, hark legebiltzarrera sartzea lortu eta 80 diputatu eskuratu baitzituen. Turkian %10 da parlamentura sartzeko gutxieneko muga, eta hartara ailegatzen ez diren alderdiei dagozkien eserlekuak alderdi nagusiak jaso ohi ditu. HDPren 80 barruti horiek eskuratuz gero, gehiengo absolutua lortuko zukeen berriz Erdoganek; eta horrek bide emango ziokeen konstituzioa aldatzeko, presidentetza sistema ezartze aldera.

Inkestek ohartarazi ziotenean HDPk plana zaputz ziezaiokeela, diskurtso nazionalista zorroztu zuen AKPk, eta kanpaina gogorra abiatu zuen kurduen aurka. Hauteskundeen atarian, alderdiko mahaietan egon behar zuten hainbat behatzaile atxilotu zituzten, militante politikoak zirela argudiatuz; eskuin muturreko taldeek HDPren bulegoei egin zieten eraso; eta presidentegaien azken mitinean bi lehergailuk egin zuten eztanda, publikoko bi lagun hilez eta ehunka zaurituz.

Erasoek ez zieten kurduei atzera eragin. Areago: hauteskunde bezperan ez zegoen beste gairik, hil ala biziko gaia zen HDP parlamentura sartzea. Eta AKPk sustatutako difamazio kanpainak ulertarazten zien gobernua urduri zegoela, kurduek aukera zeukatelako hari gehiengo osoa ebasteko. Azkenean, %13 batu zituen HDPk.

Turkiaren jokoa EIrekin

KCK Kurdistango Herri Konfederazioak ohar bidez nabarmendu duenez, «Erdogan eta AKP ez dira gai izan hauteskundeetako emaitzak onartzeko, eta horregatik erabaki dute kurduen aurkako gerra abiatzea». Koçeren ustez, beste faktore nagusi bat ere badago tartean: «Turkiak gero eta presio handiagoa dauka, ez duelako ezer egin Estatu Islamikoaren aurka».

Ankara izan da, hain zuzen ere, eskualde osoan beranduen eta lausoen posizio hartu duen gobernua. EIren aurkako nazioarteko operazioek koalizio bitxiak sortu dituzte, normalean elkarrekin jarduten ez duten eragileak bando berean elkartzeraino; Iran eta AEBak, adibidez, edo PKKra lerratutako gerrillak eta Hego Kurdistango gobernuaren pexmergak. Turkiak ez du luzaroan parte hartu nahi izan, eta Kurdistango askapen mugimendutik sarri salatu izan dute EIk Ankararen babesarekin jardun duela Siria iparraldean kurduen herriak sarraskitzen; besteak beste, hark muga zabaldu diola armak Siriara sartzeko eta zaurituak iparraldeko erietxeetara eramateko.

«Turkiak gero eta presio handiagoa dauka, ez duelako ezer egin Estatu Islamikoaren aurka»

Uztailaren 20an eraso odoltsu bat gertatu zen Ipar Kurdistango Suruç herrian, Turkiaren menpeko lurretan: Kobanera zihoan erakunde sozialista eta internazionalista baten kongresuaren erdian, ekintzaile batek bere burua leherrarazi zuen. 30 gazte baino gehiago hil zituen. Segurtasun indarrek EIri egotzi zioten segituan erasoa, baina gertatutakoak Turkiako Gobernua jarri zuen galdera guztien erdian: nolatan gerta zitekeen halako zerbait mugatik iparraldera, EIk arreta Sirian eta Iraken jarri ohi badu? Erantzun gisa, gerra estrategia berri bati ekin dio Turkiak. «'Bi erakunde terroristen aurkakoak' omen diren operazioak egiten hasi da», argitu du Koçerrek: «EIren eta PKKren aurkakoak, alegia. EIra lerratutako 150 pertsona inguru atxilotu ditu, eta 900 kurdu ezkertiar. Horrek erakusten du Turkiak EIren aurkako borroka tresna gisa erabiltzen duela kurduen aurka egiteko».

Handik gutxira, Turkiak aireko erasoak egingo zituela iragarri zuen, ustez EIren Siriako guneen aurka. «Baina horietan ere segituan ikusi genuen benetako helburua kurduen askapen mugimendua zela. Gau bakarrean, 60 gerra hegazkinek gerrillaren kontrolpeko gune osoa bonbardatu zuten, baita Kandil mendiak ere [Hego Kurdistanen]», azaldu du Koçerrek. «AKPk tentsioa igo nahi du gatazkaren maila guztietan». Horregatik abiatu ditu aldi berean bi eraso: bata, militarra, gerrillen hegoaldeko baseen aurka; eta bestea poliziarena, iparraldeko ekintzaile politikoen aurka.

«Turkiako Gobernuaren esku dago guztia. Kurdistango askapen mugimendua oraindik ere prest dago negoziazio mahaira itzultzeko. Baina gobernuak hautsi zuen prozesua, eta hari dagokio lehenbiziko urratsa egitea; esate baterako, HDPko ordezkariei Ocalan bisitatzeko baimena emanda»

Gerrillak, oraingoz, ez du operazio handirik hasi Turkiako mugen barruan. Ordea, egoerak berdin segitzen badu eta gobernuak negoziatzeko borondaterik adierazten ez badu, «oso litekeena» da han ere erasora jotzea. Koçerrek dioenez, gerrillari asko iparraldean daude dagoeneko: «Turkiako Gobernuaren esku dago guztia. Kurdistango askapen mugimendua oraindik ere prest dago negoziazio mahaira itzultzeko. Baina gobernuak hautsi zuen prozesua, eta hari dagokio lehenbiziko urratsa egitea; esate baterako, HDPko ordezkariei Ocalan bisitatzeko baimena emanda».

Iparraldeko egoerak geroz eta antz handiagoa du 1990eko hamarkadan zegoen gatazka giroarekin. Jokoan dauden indarrak, ordea, aldatu egin dira. PKK ez da gerrilla bat soilik; hainbat talde bereizik osatzen dute kurduen defentsa, eta sendo egituratutako mugimendu politiko eta sozial baten muina dira. Baina, lehen ez bezala, Sirian ere frontea zabalik dute orain. Nahikoa gaitasun ba ote dute Rojava, Kandil eta, beharbada, baita Ipar Kurdistan ere defendatzeko? «Askapen mugimendua inoiz baino indartsuago dago», uste du Koçerrek: «Politikoki ez ezik, militarki ere izugarri hazi da; 2014an soilik, milaka gaztek egin dute bat, baita Kurdistandik kanpoko askok ere. Bakerako zein gerrarako prest gaude; ez dugu gerra lehenesten, baina erasoetatik babesteko gai gara».

«Munduak txalotu gintuen EIren aurkako borrokagatik; orain etsita gaude, orduan babestuko gintuztela esan zigutenek ez gaituztelako babestu benetan hala behar genuenean»

Egoeraren larritasuna aintzat hartuta, adierazpen bateratua egin dute Kurdistango lau zatietako alderdi nagusiek, hegoaldean gobernatzen duen KDPk izan ezik. NATOri, AEBei eta Europako Batasunari eskatu diete Turkiarekin ez aliatzeko, eta ez baliatzeko hark eskainitako base militarrak Sirian bonbardaketak egiteko. «Munduak txalotu gintuen EIren aurkako borrokagatik; orain etsita gaude, orduan babestuko gintuztela esan zigutenek ez gaituztelako babestu benetan hala behar genuenean». Sirian, gerrillak ere profitatu ditu nazioarteko koalizioaren aireko erasoak, baina laguntza horrek «zentzua galtzen du» Turkia babesten badute: «Nola izango da arrakastatsua EIren aurkako gerra, aldi berean Turkiaren erasoei aurre egin behar badiegu?».

Aliantza militarrez harago doa, ordea, Mendebaldeak kurduen aurka darabilen politika. EBk «talde terroristen» zerrendan dauka PKK, eta, oraindik ez badu handik atera, ez da ezjakintasunagatik: alderdiak milaka jarraitzaile ditu Frantzian eta Alemanian, eta lan diplomatikoa egiten duen sare zabala Europa osoan. Gutxi ezagutzen duenak ere badaki Ekialde Hurbileko eragile garrantzitsua dela. Baina zerrenda beltzak kriminalizatzeko aukera ematen du une oro; jardun erdi klandestinora derrigortzen ditu militanteak; eta zilegitasuna aitortzen dio Turkiaren errepresioari. Handik ateraz gero, mugimendu politiko sendo batekin negoziatu beharko lukete parez pare. Oraingoz ez diote azaleratzen utzi; baina mugimendua sortu eta finkatuta dago aspaldidanik.