Erabakitzeko eskubidea, erditzetik

Modu askotan jaio daitezke umeak: gehienek ospitaletan ikusten dute argia lehenbizikoz, baina badaude baita ere bizitza etxean hasten dutenak. Erreportaje honetarako kontsultatutako pertsonak ados daude gauza batean: ez dagoela berez besteak baino hobeagoa den erditze-motarik. Amak zer erabakitzen duen, horretan datza gakoa.

Asko aldatu da umeak erditzeko modua azken hamarkadetan. Horretaz asko daki Isabel Morenok. Urte asko daramatza berak Urduñan emagin moduan, amari lekukoa hartuta. Ofizio gogorra zen emaginarena ume gehienak etxean jaiotzen ziren garaietan. "Eguneko 24 ordutan egon behar zinen prest. Batzuetan, goizeko lauretan esnatzen zituzten, emakume bat erditzear zegoelako", azaldu du Morenok. 

70. hamarkadan jazo zen aldaketa. “Langileak Gizarte Segurantzan sartzen hasi ziren, eta mentalitate aldaketa gertatu zen”, oroitu du Urduñako emaginak. Gaur egun, oso gutxi dira euren etxeetan erditzea erabakitzen duten emakumeak. Holandan eta iparraldeko beste herrialde batzuetan estatuak etxean edo ospitalean erditzearen artean aukeratzeko beta ematen die haurdun dauden emakumeei. Hemen, berriz, etxean erditu nahi duenak bere poltsikotik ordaindu behar izaten du. 

Diruarena kenduta, baina, etxean erditzeak ez du aparteko zailtasunik eragiten. “Emakumearen gorputza prest dago bere kabuz erditze on bat izateko”, Morenoren hitzetan. Aparteko arazorik aurreikusi ezean, “ospitalean erditzea bezain segurua” da etxean egitea. “Klinikak segurtasun gehiago eman dezake dituen giza eta teknologia baliabideengatik”, azaldu du emaginak, “baina askotan horrek guztiak estres bat sortzen du, eta arazoak sortu daitezke horrela”. Etxean, berriz, mugimendu askatasun handiagoa dauka emakumeak eta, ondorioz, erditzea bere erritmoan eramateko aukerak handiagoak dira. 

Hala ere, Morenok aipatu du ospitaleek “hirugarren aukera bat” ere eskaintzen dutela: erditze ez horren interbenitu eta medikalizatu bat izatearena. “Geroz eta gehiago dira mota horretako erditzeak eskatzen dituzten emakumeak”. Aukerak aukera, amarena da azken hitza. “Bera da erditzearen protagonista, eta bere desioak errespetatu behar dira”.


Erditzearen osteko pausoak 

Baina jaiotza hasiera baino ez da. Erditzea pasata, biderkatu egiten dira umeari begira hartu beharreko hautuak: haurra nola elikatu, nola hezi, nola zaindu... mota horretako dudak konpartitu eta argitzeko sortu zen 2014ko abenduan Laudioko edoskitze taldea. Handik gutxira beste bat sortu zen, edoskitzean sortutako beste afera batzuk tratatzeko: hazkuntza taldea. 

"Lehen haurrak askoz modu irekiagoan hezten ziren, familia eta auzokide sare batek lagunduta", azaldu du bi taldeen sustatzaileetako bat den Esti Garmendiak. Baina sare hori desegiten ari da. “Gaur egun erditu ostean etxera itzultzen diren ama askok bakarrik ikusten dute euren burua”. Horren aurrean “tribua sortzea” da bi talde horien helburua. “Bakarrik ez gaudela ikustea, sostengatzen gaituen sare bat dagoela sentitzea”. 

Garmendiak azpimarratu du “elkarrekiko errespetuan” oinarritutako taldeak direla. “Ama batek edoskitzeari utzi eta haurrari biberoia emateko hautua hartzen badu ere, arazorik gabe etor daiteke”.


Hilean behin biltzen dira bi taldeak, biak ala biak Laudioko Kultur Etxean. Edoskitzearena hilabeteko azken larunbatean egiten da, 11:00etatik 13:00etara. Hazkuntzarena, berriz, hilabeteko hirugarren ostiralean, 17:00etatik 19.00etara. Orozkon ere sortu berri da antzeko talde bat, Amandre Emakume zirkuluan parte hartzen duten hainbat emakumeren ekimenez. Hilean biltzen dira, ilargi betearen aurreko asteazkenean, 10:30ean Kultur Etxean. 

Ama ez izateko hautua 

Erditzeko modua soilik ez, erditze kopurua ere nabarmen aldatu da azken hamarkadetan. “Gaur egun, duela 40 urte baino lau aldiz txikiagoa da jaiotza-tasa Laudion eta Amurrion. Orozkon eta Urduñan, berriz, bi aldiz txikiagoa da”, azaldu du Ixone Collado orozkoarrak. Master Amaierako Lana bukatu berri du berak, ezohiko gai bat jorratuz: ama izan nahi ez duten emakumeek jasaten dituzten presioak. Colladoren ustez, emakumeek “instituzio hurbilenetatik” jasotzen dituzte presio horiek. “Familian, adibidez, etengabe galdetzen zaie emakumeei noiz duten haurdun geratzeko asmoa, eta 'ugalketa garaia' pasatzen ari zaiela ohartarazten zaie”. Lagunartean ere ematen dira halakoak. “Lagun guztiek seme-alabak izatea presio handia da umerik izan nahi ez duenarentzat”. 


Hala eta guztiz ere, geroz eta gehiago dira ama ez izatea erabakitzen duten emakumeak, eta amen bataz-besteko adina ere igotzen doa pixkanaka. Amatasunaren kontzeptua, baina, ez da horrenbeste aldatu. Zaintzan eta dedikazioan oinarritutako papera izaten jarraitzen du. Datuetan oinarritu du Colladok baieztapen hori: “eszedentzien % 97 emakumezkoek eskatzen dute, gizonezkoek % 3 baino ez. Figura idealizatua izaten jarraitzen du amarenak”.