Aiaraldea azpiko Aiaraldea

Euskal Herriko koba-sare luzeenetariko bat (70 km)

Ponata Pagadiko leizea eta Burgoseko Rebollar II haitzuloa batzea lortu dute Takomano espeleologia taldeko kideek. Ia 70 kilometroko leize-sarea osatu dute, Euskal Herriko bigarren luzeena. Albisteak oihartzun handia izan du komunitate espeleologikoan, baita komunikabideetan ere.
Iragan udazkenaren erdialdean lortu zuen Takomano Espeleologia Taldeak Gorobeleko lurretan dagoen Ponata Pagadiko leize sonatua eta Burgoseko Rebollar II haitzuloa lotzea, ia 70 kilometrotako leize sarea osatuz. Balizko aukera hori urteetan baloratu da espeleologia taldeen artean, baina Takomano izan da gehien tematu dena, azkenean lortu duen arte. Taldekideak 2015eko urrian zein azaroan etengabe ibili dira lanean, aire korronte bortitzari jarraiki, harriak kendu eta kendu, benetako sator lana egiten.



Albisteak soka luzea ekarri du komunitate espeleologikoan, espero zen moduan. Baina ohiko hedabideetan ezohiko oihartzuna izan du, normalean horrelako berriek jasotzen ez dutena. Kontua ez da gutxiagorako, Euskal Herriko eta Gaztelako espeleologia modernoari sekulako ekarpena egin baitio.


Gaztelan egoitza eduki arren, Aiaraldeko jendeak sortu zuen Takomano taldea duela 6 urte, eta eskualdeko haitzuloetan dabiltza gehien bat.


Leize sare erraldoia


Gorobeleko SI-44 leizea izan da orain arte Ponata Leize sarearen ohiko sarbidea. Bizkaiko Lendoñogoitiko lurretan dago. Arabako Espelologia Taldeko kideek 1983. urtean deskubritu zuten. Gorobelen dauden ehunka arrakaletako bat gehiago izango zelakoan zeuden, baina zerion aire korronte bortitzak zuloa handiagoa egitera animatu zituen. Berehala konturatu ziren tamaina handiko leize sare baten aurrean zeudela, eta talde gehiagoren laguntza beharko zutela aurrean zuten erronkari aurre egiteko.



Ondorioz, Gorobelen hainbat alditan antolatu dira Euskal Espeleologia Jardunaldiak, garai haietako euskal taldeen arteko elkarlana ahalbideratuz.


Esplorazioen emaitzak bata bestearen atzetik etorri ziren: Ponata Erreka (zeinaren urak Kadaguara doazen); Arabako lehenengo sarbidea: (SI-57); Ispiluen Gela; "Amaierako Sifoia" (sareko punturik sakonena markatzen duena, 415m); Kobatako arroilako leizearekin (SR-7) bat egitea, Arabako bigarren sarbidea dena... Eta horiekin batera sarearen neurriak handiagotzen joan ziren : 13, 16, 27, 30, 40 kilometro...



Gaztelarren ekarpena


Rebollar II harpea Losa Haraneko Baró herritik hurbil dago, Angulo mendatearen inguruetan. Burgoseko Edelweiss taldeak 1984. urtean aurkitu eta esploratu zuen, 2 kilometro baino gehiagoko galeria nagusi batean zehar, luizi (lur-jauzi) batek hodia buxatu zuen arte. Esplorazioa bertan behera geratu zen, Ponatako Leize sarearekin bat egiteko aukeraz jakitun. Talde handi eta mitiko hauen lan mardularen lekukoa hartuta, Takomano talde gaztearen kemenak ahalbideratu du, 30 urte geroago, Gorobel-Salbadako espeleologiaren mugarri berri hau gauzatzea.



Lurpeko ondare aberatsa


Aiaraldea eskualde pribilegiatua da eremu karstiko eta kobazulo kopuruari dagokionez. Gorbeia eta Gorobel dira mendi-multzo nagusiak. Kareharrizko mendiak izanik, harpez josita daude eta hamarnaka kilometrotako hodi sareek guztiz hustuta dute lurpea. Zentzu horretan, Euskal Herrian nabarmentzen da Aiaraldea. Esanguratsua da, esaterako, Ponata Pagadiko Leize Sarea bigarren luzeena izatea (Zuberoa eta Nafarroaren artean dagoen 80 kilometrotako San Martingo Harriko sarearen ostean) eta Espainiar Estatuko zazpigarrena. Gainera, Orozko da harpe gehien duen udalerrietako bat (EAEko lehenengoa). Ezkutuko natura altxor erraldoiak dira, maitatu eta zaindu beharrekoak.